ERAKUSKETA:
JAN GROOVER
Formen Laborategia
2023/07/21 - 2023/11/12
Komisarioak: Émilie Delcambre eta Tatyana Franck
Erakusketa honetan, hain zuzen ere, Jan Grooverren obra osoa izango da ikusgai, eta ohore handiz harrera egingo diogu guk, orain, artistaren ibilbide profesionala erakusten duten 150etik gora argazkik eta objektuk osatutako sorta hautatuari, zeina baita Grooverren sorkuntza-prozesu bereziaren gaineko ikerketa zabal baten emaitza.
Kontu handiz hautatutako obra sorta horren bidez, Émilie Delcambre Hirsch eta Tatyana Franck komisarioek Grooverren prozesu artistikoa erakutsiko digute eta aditzera emango dute haren lanaren izaera esperimentala eta argazkilaritza modernoan duen eragina. 4 sailetan antolatuta jarriko dira obrak ikusgai:
Poliptikoak. Argazkigintzaren bidetik
Jan Groover margolaria zen ikasketaz, eta «atzeko atetik» ekin zion argazkigintzari, nolabait. 1967an, lehen kamera erosi eta argazkiak ateratzen hasi zen, modu autodidaktan. «Heldutasuneko lehen ekintza» gisa kalifikatu zuen gertaera hura artistak.
Lehen argazki-lanetan bere inguruneko ikuspegi hutsalak erretratatu zituen, batez ere; baina laster hasi zen poliptiko konplexuak sortzen, hainbat argazki-hartze elkarrekin konbinatuta. Argazki horien antolamendu espezifikoak ikusizko halako jolas bat sortzen zuen erritmoa, espazioa eta denborazkotasuna ere ardatz zituena, irudikatutako objektua ez ezik —nahita eklipsatua edo, alderantziz, biderkatua—. Garai hartan, Jan Grooverrek argazkigintzaren berezko ezaugarriak aztertzen jardun zuen ─hala nola, gertaera bat bisualki mundutik isolatzeko eta denboratik abstraitzeko gaitasuna─, baita haren ahalmen memetikoak ere.
Grooverren poliptikoak –haren hausnarketa formal eta plastikoaren abiapuntu izan zirenak–, 1974an jarri ziren ikusgai, lehen aldiz, New Yorkeko Light Galleryn, zeina izan baitzen argazkilaritza garaikidearen aitzindari.
Natura hilak
Natura hilek garrantzi handiko tartea hartzen dute Jan Grooverren obran. Artista behin eta berriz itzuli zen genero horretara bere ibilbidean. Genero figuratibo funtsezko honekiko atxikimendua pintore gisa zuen prestakuntzatik datorkio Grooverri, zalantzarik gabe, indartu egin baitzuen haren intuizioa: artistak gauzei buruzko bere ikuspegi propioa “fabrikatu” behar duela, alegia, inguruan dituen elementuak irudikatzeko beldurrik gabe.
1977an abiatutako Sukaldeen natura hilak enblematiko hartatik hasi eta 2000ko hamarkadako azken sorkuntzetaraino, Jan Grooverrek behin eta berriz esploratu zuen natura hila, bere praktika artistikoa pinturaren, eskulturaren eta argazkilaritzaren historian barruan kokatuta baina guztiz berritzailea izateari utzi gabe haatik.
Nolabait ere, natura hila da Jan Grooverren obraren ardatz nagusia, denborazkotasuna eta irudikatze-moduak batzen dituen lotura.
Platinoa eta paladioa. Platinoaren (ber)aurkikuntza baterantz
Platinoaren prozesuak ─William Willis britainiar asmatzaileak 1873an patentatua─ kontaktu bidezko inprimatzeak sortzeko aukera ematen du, grabatuen tonua (beltz bizia eta gris leuna) gogorarazten duen erreprodukzio monokromatiko batekin. Platinoa paladioaz ordezkatzen edo nahasten da, batzuetan, eta gai horrek «berotu» egiten ditu irudiko tonu erdiak halako kolore marroixka baterantz.
Prozesu hori pixkanaka ahaztuz eta alboratuz joan zen arren, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan argazkilari garaikide batzuen interesa piztu zuen berriro, Irving Pennena kasu. Artista haiek antzinako prozesuak (“alternatiboak” deituak) eta artisau erakoak zituzten gogoko, eta argazkigintzako prozedura horren teknikaren historia berrikustera eraman zituen horrek.
Jan Grooverrek 1979an deskubritu zuen platino-paladioaren prozesua, Jed Devine argazkilariaren bidez. Hasieran teknika “erromantikoegia” eta guztiz anakronikoa iruditu zitzaion, baina, azkenean, harekiko grina piztu zitzaion berari ere. Praktika horrek etapa berri bat markatu zuen Grooverren lanean, natura hilaz bestelako genero batzuk aztertzera eraman zutena, hala nola paisaia, erretratua eta biluzia.
Frantziako urteak
Jan Groover eta haren senarra 1991n atera ziren Estatu Batuetatik Frantziara. Parisen bizitzen jartzeko asmoa zuten hasieran, baina, azkenean, landetxe bat erosi zuten Dordoinako herri txiki batean: Montpon-Ménestérol herrian.
New Yorkeko eszena artistikotik aldentzeko erabaki hark mailaz mailako eragina izan zuen Jan Grooverren ibilbidean. New Yorkeko irakasle-lana ezinbestean uztera behartuta, artistak aurrera jarraitu zuen argazkigintza-praktikarekin. Orobat jarraitu zuen epaimahaietan epaimahaikide gisa eta argazkigintza-lantegietan parte hartzen.
Erakusketa honek Europan barrena egin duen ibilbide hirugarren etapa izango du honakoa. Ekimena Suitzan aurkeztu zuten, Lausanneko Photo Elyséen, erakunde hori baita artistaren funts pertsonalaren gordailu, 2017tik; Lausannetik igaro zen Parisko Fondation Cartier-Bressonera (2022-2023).
Imagen: Jan Groover. Untitled, ca. 1978. © Photo Elysée - Jan Groover Funtsa
ARTISTA:
Jan Groover (1943-2012)
Jan Groover (1943-2012) Estatu Batuetako argazkilari ospetsuak esangura berezia izan zuen koloretako argazkilaritzan, eta ezaguna da natura hilaren arloan egindako ikerketa formalagatik, baita hainbat sorkuntza-teknikaz egindakoagatik ere, hala nola platino eta paladiozko grabatuen erabileragatik.
Pinturako ikasketak egin zituen, eta espazioaz eta bolumenaz osatu zuen ikerketan nabarmena da Errenazimentuko obren eta Giorgio Morandiren natura hilen eragina. 1967an, ordea, pintura alde batera utzi, eta argazkilaritzari heldu zion, erronka modura, diziplina hori Estatu Batuetan «serio hartzen ez zutela» iritzita. Lehen kamera erostea izan zen bere «heldutasuneko lehen erabakia», artistaren beraren hitzetan. Abstrakzioari eta alderdi piktorikoari buruz zuen interesa nabarmen sumatzen da lehen poliptiko sailetatik, non subjektua baita biderkatzen, zatikatzen edo ukazioraino ezkutatzen forma opakuen atzean.
1970eko hamarkadaren amaieran, Groover natura hilak lantzen hasi zen –genero tradizionala margolaritzan–, eta harekin esperimentatu zuen bizi osoan, ezin konta ahala gai, formatu eta teknika erabiliz. Argazkilaritza dokumentala gorenean zegoen garaian, Grooverrek argazkilaritzara eraman zuen margolaritzan bereganatutako esperientzia, eta argazkilaritza abstraktuan jarri zuen arreta, irudiak sortzeko formaren mesedetan, esanahitik eta deklaraziotik urrun. Natura hilez gainera, autobide, erretratu eta gorputz-atalei buruzko sailak ere landu zituen Grooverrek.
1991n, Frantziara aldatu zen senarrarekin –Bruce Boice margolaria–, eta hantxe hil zen, 2012ko urtarrilaren 1ean. Berari esker, Grooverren artxiboa Suitzako Photo Elysée argazki-museoan dago 2017az geroztik. Hainbat argazki sail, prestaketa-marrazki eta artxibo-dokumentu (horietako asko inoiz ikusgai jarri gabeak) ardatz hartuta antolatutako atzera begirako erakusketa honek artistaren ibilbide osoari erreparatzen dio estreinakoz, hark irakasle eta bildumagile gisa egindako lana ere bazter utzi gabe. Erakusketak Groverren —«edonola ere, dena asmatu beharra dago» zioen emakume honen— sorkuntza-indarra nabarmendu nahi du, ororen gainetik.
Jan Grooverrek etengabe berrasmatu zuen bere burua, eta arrasto sakona utzi zuen, horrela, argazkilaritzaren historian.
Egile ezezaguna. Jan Grooverren erretratua. Montpon-Ménestérol, Frantzia, ca. 1991 © Photo Elysée – Jan Groover funtsa
HEZKUNTZA JARDUERAK:
Bisita komentatuak:
Igandero
Doan
17:30 euskeraz / 18:30 gazteleraz
Derrigorrez izena ematea. T 943 251937, Aretoan bertan edo
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.
s
ERAKUSKETA-GIDA:
Deskargatu hemen erakusketa-gida:
@arteguneakutxa