banner 1010x400px T hurrengo 

FACEBOOK 2048 831 a 72

 

GENERICO EUS 


 ERAKUSKETA: 


  

 

Gao Bo. Calle de Lhasa Tbet 1987-1993  PROMESEN TESTURA

 

 

2022.11.25 - 2023.02.19

Komisarioa: Alejandro Castellote

 

Alejandro Castellote komisarioak Asiako hainbat lekutatik etorritako 8 artistaren lanetan oinarrituta eraiki du erakusketa-diskurtsoa. Artiston lanak oso desberdinak dira batzuk besteetatik, bai edukian bai forman, baina oso abiapuntu interesagarria dira sortaldeko artean sakontzen hasteko.Izan ere, erakusketaren izenburuak adierazten duen bezala, argazkiek «promesak» egiten dizkigute, baina irudietan arakatu eta murgildu beharra dago haien benetako esanahia argitzeko.Bai, zalantzan jarri behar da haietan irudikatuta dagoenaren identifikazio erraza, haien egiazkotasuna eta errealitatearekiko fideltasuna.Oro har, argazki bat ikusten dugunean, esanahi garbikoa izatea espero dugu, haren adierazgarritasun-maila hitzezko hizkuntzarena baino handiagoa izan daitekeela sinesten dugu, eta hori guztia argazkiaren ageriko lehen geruzan bertan haren «testura» bisualean agertzea itxaroten dugu.

 

Argazkiak komunikazio-tresna gisa duen arrakastaren zati handi bat iraganean erakutsi zituen ezaugarrietan oinarritzen da: izan ere, errealitatearen ikuspegi sendoa ematera etorri zen argazkigintza. Handik aurrera, mundua iruditan islatzeko zeregin hori ez zen gehiago hitzezko edo idatzizko oroimenaren mende egon, ez eta irudikapen zientifiko eta artistikoen mende ere, dokumentu horiek izan zitzaketen subjektibotasunak eta zehaztasun-gabeziak gorabehera.

 

Argazki baten ageriko lehen geruzak mami narratibo eskasa badu, sarbide-gako bat behar izaten du, pasahitz-lana egingo duen testu bat, obrari atxikita. Serie baten sarrerako testuek, kartelek edo argazki-oinek, askotan, zeregin hori izaten dute. Informazio ez-bisual horrek argazkiak ulertzeko bidea ematen digu. Irudien polisemia –irudietatik atera daitezkeen esanahi askotarikoak− murrizteko modu bat da hori.

 

Argazki batek erakusten duena identifikatu bai, baina egilearen asmoa ezagutzen ez badugu, orduan irudimena aktibatzen zaigu, irudiak zer esanahi izan ote dezakeen espekulatzen hasten gara, geure esperientzietan eta lehen pertzepzio horrek eragindako zirraretan oinarrituta. Hala ere, prozesu hori zaildu egiten da argazkietan agertzen diren zeinuek elkarren artean hurrentasun kulturalik ez dutenean. Hala gertatzen da, adibidez, Asiako herrialde batzuetan erabiltzen diren adierazpen-zeinu eta -eredu tradizionalekin. Kultur erreferenteak ezagutzea funtsezkoa da irudiak behar bezala ulertuko badira. Funtsezkoa da argazkia nondik ateratzen den eta argazkiaren objektuari nondik begiratzen diogun jakitea.

 

Erakusketa honetan, Asiako argazkigintzako izen handiak eta artista gazteak bildu dira. Txinakoak, Japoniakoak, Singapurrekoak, Indiakoak eta Hego Koreakoak. Errealitatea irudikatzeko modu desberdinak dituzte denek, sarritan beren lanen irakurgarritasuna nahita higatuz. Nola egiten duten hori? Bada, beren herrialdeko pintura tradizionalari buruzko erreferentzia lausoak eginez; beren praktika artistikoen jatorri sekularra ahopean aldarrikatuz; Mendebaldetik proiektatzen ditugun estereotipo orientalistak zalantzan jarriz; irudikapen errenazentistaren parametroak —perspektiba, narratibotasuna edo hiperrealismoa— alde batera utziz; irudikatutakoaren irakurketa konplexuak proposatuz— ikuslea irudiaren barne-geruzetan, hain esplizituak ez diren horietan, zerbait gehiago bilatzera bultzatzeko—; edo naturarekin dugun harremanari buruzko hausnarketa kritikoa eginez. Metafora bisualak erabiltzen dituzte gure pertzepzioaren izaera guztiz subjektiboa eta memoriaren eta kontakizun historikoaren ezegonkortasuna ikusarazteko. Interpretazio posible ugariko lurraldeetara aldatzen dituzte irudien esanahiak. Azken batean, anbiguotasuna sustatzen dute, gure irudimena aktibatzeko.

 

Irudia: Gao Bo. Tibet 1985-1995. Offrandes [Eskaintzak], 2009 

 


ERAKUSKETAKO ARTISTAK ETA OBRAK:


  

Gao Bo (Txina, 1964)

Tibet 1985 -1995. Offrandes [Eskaintzak], 2009

Gao Boren argazki-lan guztia bidaia zirkular bat da, irudiak sortu eta haietara itzultzen da gero, haiek berriro prozesatzeko, aldatzeko edo suntsitzeko. 1985ean joan zen lehen aldiz Tibetera. Hamar urte geroago, herrialde hartara joan-etorri asko egin ondoren, ordura arte egindako argazki guztiak aurrean hartu eta azterturik, konturatu zen ez zutela ondo erakusten Tibetek berarengan utzitako arrasto sakona. 2009an, artxibotik atera zituen argazkiok, esperientzia horren sakontasuna haien gainean grabatzen saiatzeko. Eta «eskaintza» edo ofrenda moduan egin zuen hori: bere odola erabiliz, kaligrafia irakurtezin bat— hark «arimaren hizkuntza» deitzen duena—  marraztu zuen paperean.

 

Takahiro Mizushima (Japonia, 1988)

Long Hug Town [Besarkada luzearen hiria], 2014 - 2019

Mendebaldeko kulturaren esparrutik Japoniari buruz hitz egiteak estereotipo orientalistetara garamatza berehala. Baina serie honetan ez da estereotipo estetiko horretatik ezer agertzen. Mizushimak Tokioko Ohta-Ku auzoko biztanleen energia jaso nahi izan du, batez ere kalean bizi direnena. Bera ere auzo horretan bizi izan zen gaztetan, eta bere oroitzapenak eta bertan bizitako esperientziak gogoan hartuta hurbildu da auzotar horiengana. Bestalde, erretratu horiek eragiten duten enpatia ez dator bat Taipei hirian urte batzuk geroago, hara bizitzera joan zelarik, Mizushimak hartu zituen milaka argazkiekin. Argazki horietan, halako arroztasun- eta anonimotasun-sentimendu bat gailentzen da argi eta garbi, norberak berea ez duen kultura batekin lotura pertsonalik ez izatearen isla.

 

Sukanya Ghosh (India, 1973)

Isosceles Forest [Baso isoszelea],2018. Artxiboko argazkiak, teknika mistoa eta animazioa, 3 min. Isometries [Isometriak] sailekoa, eta Time travel [Bidaia denboran zehar], 2016. Collageak

Bideoaren izenburuak Richard Bellman matematikariak 1955ean adierazitako problema ekartzen digu gogora: «zein da neurri ezaguneko baso batetik ihes egiteko jarraitu beharreko biderik onena?». Sukanya Ghoshek memoriaren berridazketari heltzen dio lan honetan, antzinako argazkiak erabiliz; matematikaren arrazionaltasunaz eta ekuazio batzuetan agertzen den ziurgabetasun-mailaz baliatzen da iragana orainetik ulertzen ahalbidetuko duen aldamio egonkor bat eraikitzen saiatzeko. Ukiezina irudikatzeko modu berriak ere ikertzen ditu bere argazki-collageetan. Denborari, tokiari eta gertatutakoari buruzko xehetasunak ezabatuta, erretratuek ezagut daitekeenaren inguru-lerroa galtzen dute, eta ez dute identifikatzen erakusten dutenaren esanahia.

 

Weixin Chong (Singapur, 1988)

Suiseki Softfalls, [Suiseki Ur-jauziak] 2015

Suiseki japonierazko hitza da: paisaia bate itxura eta testura iradokitzen duten harriak begiestea esan nahi du. «Jakintsuen arrokak» izeneko txinatar tradiziotik dator. Horren arabera, irudimena sustatzeko modu bat da kontenplazioa, naturaren ahalmen estetikora eta filosofikora iristea helburu duena.

Marmolezko ur-jauzi leun horiek material liluragarri horren transmutazio jariakor bat dira, marmol-harriak historian zehar izan duen iraunkortasun-izaera sinboliko hori irauli eta hankaz gora jartzen dutena. Weixin Chongek zetazko oihaletan inprimatzen ditu marmolaren gainazalak, harriaren sendotasuna hauskortasun harrigarriko ehundura gisa sentiaraziz.

 

JI Zhou (Txina, 1970)

Greenhouse #3 [Berotegia #3], 2017. Real Illusion [Ilusio erreala] seriekoa

JI Zhouren lanak izaera kontenplatiboa du. Gure pertzepzio subjektiboa irudikatzeko proposamen bat ere bada: errealitatearekin zatiketa-terminoetan erlazionatzen gara, eta gure adimenak lan gehigarria egin behar du zatiak modu arrazional eta ulergarrian ahokatzeko. Obra hau sortzeko, JI Zhouk dozenaka argazki atera zituen berotegi batean teleobjektibo batekin. Horietako bat ere ez dago eguneko une berean hartua, eta, beraz, denbora desberdina da haietako bakoitzean. JI Zhouk berriro konbinatzen ditu argazki-zati horiek, eta berriro aurkezten eta irudikatzen ditu, palinpsesto baten itxura emanez. Palinpsesto horrek kubismoaren oihartzun formalak ditu, eta Txinako pintura tradizionalaren aztarnak ere bai; izan ere, Txinako pinturan ohikoa da eskala eta neurri desberdineko osagaiak gainjartzea mihisean.

 

Wang Juyan (Txina, 1993)

Xian Guan IV, 2016

Xian Guan (2013-2019) serieko laugarren kapitulua isiltasunean dagoen paisaia batetik abiatuta eraikitzen da, eta ziurgabetasun bisualetan oinarritzen. Argazkiek, oroitzapen pertsonalak ez ezik, istorioak berriro behatzeko eta berriro ulertzeko prozesua islatzen dute. Eszena beraren ikuspegi zabalak eta gure begiradaren bazterretan desagertzen diren aurkikuntzak (urrutitik ikusgai) elkarren ondoan ipintzeko prozesuak ehuntzen du kontaketaren haria. Juyanek esperientzia bisual bat eskaini nahi du, non denbora mugitzen eta fluktuatzen ari dela dirudien, eta iluntasuna, gainazal lausoak eta naturako xehetasunak fokuan sartzen eta fokutik irteten diren.

 

Woong Soak Teng (Singapur, 1994)

Ways to Tie Trees [Zuhaitzak lotzeko moduak], 2015 - 2018

Singapurren, berdegune artifizialak sortzen ari diren eremu batean gauzatu zuen proiektu hau Woong Soak Tengek. Landareak zuzentzeko erabilitako lotura-moduak eta haien tipologia erakusten duen argazki-erregistro bat da proiektua. Argazki horien atxikimendu emozional eza eta hoztasuna metodologia horrek herritarrengan sortzen duen ezaxolaren metafora ere bada. Artistak dioenez, «zuhaitzak lotzeko ohitura hori, gizakion berezko kontrol-sena bezala, nonahi ageri da baina oharkabean pasatzen da». Aurrerago, Woong Soinuak Tengek jakin zuen landareak zuzentzeko metodoei eskainitako interes hori estuki lotuta zegoela, modu inkontzientean bada ere, berak duen — eta gerora langai izan zuen— gaitz batekin: eskoliosia.

 

Bohnchang Koo (Hego Korea, 1953)

Vessels [Ontziak],2004 -

Egilearen hitzetan: «Zuria desirari eustean lor daitekeen kolorea da. 500 urtez, Joseon dinastian (1392-1910), nobleek, konfuzianismoaren eraginpean, uko egin zioten baxera eta zeramiketan koloreak ikusteko plazerari, eta zuriaren aszetismoa hautatu zuten ordez. Ontzi horietako bat ikusi nuen lehen aldian, biziki hunkitu ninduten haren bolumenak eta forma sinpleek. Eta haien biluztasunak, denborak higatutako orbainak eta asimetria delikatuak agerian uzten zituenak, zirrara handia eragin zidan. Zoritxarrez, japoniarren okupazioaren garaian (1910-1945), Koreako kultur ondarea mundu osoko museo eta bilduma pribatuetan sakabanatu zen. 2004az geroztik, 16 museo garrantzitsutan ibili naiz, Korean bertan eta Koreatik kanpo, mota horretako ontzien argazkiak atertzen. Kontu handiz hurbildu naiz beti haietara, nire erretratuetan modelo apal eta xume baten arima eta edertasuna azaleratzen ariko banintz bezala». 

 


HEZKUNTZA JARDUERAK:  


  

Bisita komentatuak:

Igandero | Doan

17:30 euskeraz  / 18:30 gazteleraz

Derrigorrezkoa da aurretik izena ematea,  T 943 251937, Aretoan bertan edo This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

  


ERAKUSKETA-GIDA: 


   

Deskargatu hemen erakusketa-gida:

EUSK

  


 

 

@arteguneakutxa