ERAKUSKETA:
SAUL LEITER
AMAITUGABEKO MUNDUA
2024/07/19 – 2024/11/10
Komisarioa: Anne Morin
Saul Leiterren paisaia poetikoak irudiz beteko du Artegunea aretoa Amaitu gabeko mundua erakusketari esker. Poeta bisuala da, baina ez une erabakigarriena, baizik eta une sarkorrena. Lan heterogeneoa, sailkaezina eta dentsitate handikoa osatu du, nola argazkilaritzan, hala pinturan.
Erakusketaren komisarioa Anne Morin. diChroma phtography izan da, eta jatorrizko –gehienak zuri-beltzean– eta koloretako 200 argazki baino gehiago aurkeztuko ditu, berrogei margolan inguru, koloretako argazkien proiekzio bat, dokumentuak, aldizkariak, koadernoak eta Saul Leiterrenberaren hainbat kamera.
Erakusketaren egitura mugarik gabeko paisaia baten modura eratu da, eta Saul Leiterrek margolari gisa duen keinua erakusten du, zeina mintzatzen baita hedadurari buruz, mugarik gabeko, hodeiertzik gabeko, gune bati buruz. Leiterren mundua zabaldu, tolestu, hedatu egiten da. Linealtasun hori denborazko uzkurdura batek eteten du, zeina sortua baita muntaia txikiez, argazkiaren denborakotasunari, aurkitutako irudiaren une erabakigarriari, dagozkien «bat-bateko» antolaerez. Denboraren zabaltze hori izango da erakusketan barrena bisitariei lagundu eta gidatuko dien hari eroalea, harik eta erakusketaren erdigunera iritsi arte, Leiterren logelara iritsi arte, hain zuzen; han sortu zuen In My Room [Nire gelan] izenburuko saila.
In my Room lana da Saul Leiterren lanaren bihotza eta erakusketaren erdigunea. Horixe da Leiterrek izenburua jarri zion sail bakarra, eta horixe da, halaber, haren obra eskergaren puntu neuralgiko bakarra, pultsio bakarra, espazio-denborazko uzkurdura bakarra. Leku nagusi bat da, askatasunaren leku sekretua; osotara berea duen askatasun mugagabea. Zuri-beltzeko argazkiak dira guztiak, kolorekorik ez dago batere. Argazki horietara itzuliko zen Leiter berriz ere, kolore eta hondo leunez margotu, estali eta argazki haietako aurpegi eta gorputzak ezabatzeko. Oso formatu txikian, 40 lan ezagutuko ditugu.
ARGAZKILARIA:
SAUL LEITER (Pittsburgh, Estatu Batuak, 1923 – New York, Estatu Batuak, 2013)
Saul Leiter margolaria eta argazkilaria. Pittsburgh-en jaio zen, familia judu praktikante baten baitan. Aita, Wolf, poloniar jatorriko errabino ortodoxoa zen, eruditoa eta poliglota, eta errespetu handiko eminentzia bere komunitatean. Ama, Regina, Austrian jaioa zen, eta lau seme-alabak hazteaz arduratu zen: hiru mutil eta neska bat, eta huraxe izan zen Saulen lehenengo modeloa. Mutilei dagokienez, familiaren inertziak markatu zuen haien patua, eta errabino bilakatzea beste aukerarik ez zen aurreikusten, aitaren eta aitonaren urratsei jarraitzea, judutar kondizioa lanbidea bihurtuz. Hori izan zen Leiter gazteak aitaren autoritate zorrotz eta zapaltzailearen aurka egin behar izan zuen lehen borroka. Inposizio hori, baina, benetako balio bihurtu zuen berak; izan ere, esperientzia hori giltzarri izan zen haren geroko bilakaera azaltzeko, batez ere judaismoak haren obran utzitako aztarna iraunkorra ulertzeko.
1946an, Leiter gazteak New Yorkera jo zuen, itogarria zitzaion familia-giro horretatik ihesi. Hogeita hiru urte zituen eta muturreko prekarietate-egoeran bizi zen. Zailtasun materialek, baina, ez zuten izutzen dena galdu berri zuena. Klandestino antzeko zerbait bihurtu zen, bere bizitzaren klandestino, luzapen-denbora bat bizitzen ari balitz bezala, berarentzat heriotza-zigorra baino ez zenari ihes eginez. Horregatik, beharbada, Leiterrek ez zuen inongo komunitateren, inongo talde artistiko, politiko edo sozialen parte izan nahi. Leiter talde batekin lotu beharko bagenu, Beat Generation delakoarekin lotuko genuke, askatasunaren bilaketa etengabeko horregatik. Leiter arlote aske bat izan zen bere bizitza osoan, amaitu gabeko mundu bateko zati txikiak biltzen jardun zuena.
1948tik aurrera koloretako argazkiak egiten hasi zen; 1951tik aurrera besteak beste LIFE aldizkarian argitaratu zituen bere irudietako batzuk, eta hurrengo urtetik aurrera erakusketak ere egin zituen, maiztasunez, Tanager Galleryn.
1953an, MoMAko kontserbatzaile zen Edward Steichenek Saul Leiterren koloretako argazki batzuk sartu zituen Always the Young Strangers [Beti gazte atzerritarrak] izeneko erakusketa kolektibo batean, eta lau urte geroago, Leiterren koloretako hogei bat diapositiba erakutsi zituen «Experimental Photography in Color» [Koloretako argazkigintza esperimentala] izeneko hitzaldian, MoMAn bertan. Garai horretan ―berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera―, Saul Leiter koloretako argazkigintzarekin lotu zuten berehala, eta horrek, zoritxarrez, zuri-beltzeko bere produkzio guztia ezkutatu zuen, koloretako lanak adinako aberastasun harrigarri baten erakusgarri bazen ere.
Leiterrek Harpers’ Bazaar aldizkariarekin kolaboratu zuen lehenbizi; ondoren, Elle, Vogue eta LIFE aldizkariarekin. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, alde batera utzi zuen modako argazkigintzaren mundua. Dena dela, berak ez zuen inoiz bere burua mundu horretako parte bezala ikusi, seguruenik haize kontra jardun zuen sortzailea izan zelako beti, bizi izan zen mundura erabat egokitzeko zailtasunak izan zituen artista bazterreko bat. Handik aurrera, haren karrera itzaliz joan zen, pixkana-pixkana.
1992an, Jane Livingstonek antolatutako erakusketa batean parte hartu zuen, non New York Schooleko (Photo Leagueren jarraipena) hamasei argazkilariren 1936-1963 bitarteko lanak bildu baitziren: Diane Arbus, Richard Avedon, Alexey Brodovitch, Ted Croner, Bruce Davidson, Don Donaghy, Louis Faurer, Robert Frank, Sid Grossman, William Klein, Saul Leiter, Leon Levinstein, Helen Levitt, Lisette Model, David Vestal eta Weegee (Arthur H. Fellig-en izengoitia). Howard Greenberg argazkigintzan espezializatutako galerista handiak erakusketa ikusi eta Leiterren ordezkari izatea erabaki zuen. Hurrengo urtean, Leiterrek haren galerian erakutsi zituen bere lanak. Horra nola jaso zuen Saul Leiterrek, berandu bada ere, nazioarteko onespena.
2006an, Steidl argitaletxeak Leiterren lehen monografia argitaratu zuen, eta ordutik aurrera, esan dezakegu haren lana ikusgarritasuna izaten hasi zela. Areago, etengabe handituz joan da geroztik. Berandu etorri zaio onespena. 2003an hil zen, hain zuzen ere, onespen hori handitzen hasi zenean.
BITARTEKARITZA:
BISITA KOMENTATUAK:
Igandero
17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz
Sarrera doan izena emanda : 943 251937 telefonoan, Aretoan bertan, edo This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.
FAMILIENTZAKO TAILERRAK
Beleari so programa, irudiarekin eta kontaketa bisualarekin zerikusia duten gaiei buruzko begirada kritikoa osatzeko helburua du. Erretratua tailerra. Gure irudiaren nortasuna eta sorkuntza aztertuko ditugu, eta, horretarako, keinutik, jarreratik, janzkeratik eta apainduratik abiatuko gara. Nor dira argazkietan ikusten ditugun pertsona horiek? Zein dira beren istorioak? Zer kontatzen digute esertzeko moduek? Eta gu... Nor gara gu?
2024ko urriak 5, larunbata | 17:00-18:30
9 eta 12 urte bitarteko haurrak, heldu batekin
Euskaraz | 5 euro haur bakoitzak. Helduek doan.
Plaza mugatuak | Eman izena.
Erretratuak, ezkutaturik dauden gauzak tailerra, Inés Bermejorekin
2024ko urriak 19, larunbata, 11:30-13:00, Artegunea aretoa
6 eta 12 urte bitarteko haurrak | heldu batekin
Euskaraz | 5 euro haur bakoitzak. Helduek doan .
Plaza mugatuak | Eman izena.
PROGRAMA PUBLIKOA
Bisita gidatua Gloria Crespo MacLennanekin, erredaktorea eta editore grafikoa
Urriak 2, asteazkena | 18:30
Gaztelania | Sarrera doan | Plaza mugatuak |Eman izena.
Saul Leiter. Amaitu gabeko mundua, Tabakalerako zinema-aretoa (1 solairua)
Jarduera hau Tabakalerarekin lankidetzan egin da
Urriak 3, osteguna | 19:00
In No Great Hurry: 13 Lessons in Life with Saul Leiter filmaren proiekzioa
Tomas Leach, EUA, 2013, V.O.S.E. 75’
Aurkezpena Gloria Crespo MacLennan erredaktore eta editore grafikoak egingo du
Urriak 10, osteguna | 19:00
Revolutionary Road filmaren proiekzioa
Sam Mendes, EUA, 2008, V.O.S.E. 113’
Sarrerak Tabakalerako ohiko guneetan salgai
Arratsalde euritsu bat Saul Leiterren argazki batean zinema-hitzaldia
Oskar Alegriarekin
Jueves 31 de octubre | 19:00
Euskara | Sarrera doan | Plaza mugatuak | Eman izena.
ERAKUSKETA-GIDA:
Deskargatu hemen erakusketa-gida:
@arteguneakutxa